top of page
  • Black Facebook Icon
  • Black Twitter Icon
  • Black Google+ Icon

Otxandiotik Ibilaldia ( PR-BI-52 ) 

Otxandio - Olazar - Illuntxo - Morgaola - Otxandio

Plaza nagusian emango diogu hasiera ibilaldiari, udaletxearen aurrean. Bertan aurkitzen dugu Otxandio eta bere ibilbideei buruzko informazio-panela. Beste PRekin eta GR 38arekin batera, Errege bidean behera egingo dugu, Uribarrena kaletik. Kalearen mugan iturri eta bidegurutzea aurkitzen ditugu. Urkiola erreka gaineko zubia pasatu eta San Rokerantz goaz, Via Crucis-etik.  

Ermitara heldu baino 100 bat metro lehenago Errege bidea albo batera utzi eta ezkerretara jaiotzen den bidezidorretik jarraituko dugu, San Roke osteko pagadoira helduz. Otxandioko saihesbidea zeharkatu eta aurrean dagoen estratatik jarraituko dugu, larre artean, harik eta Abitxu eta Olazarreko pagadietara heldu arte.

 

Bidean Oletaerreka zeharkatu beharko dugu behin eta berriro, horretarako herriak egokitu berri dituen zubiak erabiliz. Bigarren zubia pasatu eta berehala, eskuma aldera joko du GR 38a, Mirugain aldera. Guk, berriz,  aurrera egingo dugu, Olazarreko pago motzen baso ederrean zehar, Oleta errekaren ibilguari jarraituz. Hirugarren zubira heldu eta hau ere zeharkatu egingo dugu, zuzen jarraitu eta Oletara doan errepidera helduz.

 

Errepideak Amezola erreka gainetik pasatzen den puntuan harrizko zubi eder bat aurkituko dugu. Baina guk Oletako bidea gurutzatu eta aurrean dagoen pistatik jarraituko dugu, eskumara jaiotzen diren bideak alde batera utziz, harik eta Amezolaerrekarekin topo egiten dugun arte. Zubitik zeharkatuko dugu errekastoa. 

Konifera landaketa artean goaz hurrengo bidegurutzeraino. Ezkerretara joz gero, Otxandiora bueltatuko ginateke, Mainondogaraitik. Baina PRak eskumatik jarraitzen du, mintegiaren paretik, Otxandiotik Oletara zihoan galtzadara (GR 123) heldu arte, Pagadiaren sarreran.

 

Harrizko bide zaharretik goaz orain, 100 bat metroz, hurrengo bide banaketaraino. Ezkerrera joko dugu bertan, Illuntxoko pagadoia zeharkatuko duen xenda hartzeko. Zidorra pista batera heltzen da, non ezkerrera joko dugun hurrengo gurutzeraino. Berriz ere GR 38arekin topo egingo dugu, baina hau Urkiolarantz doa eta guk aurrera egin behar dugu, Kurutzaldera, non hilarri bitxi bat aurkituko dugun.

 

Puntu honetara helduta, Otxandiora bueltatu gaitezke Kerexara auzotik Elexabarrira helduz, edo PRtik jarraitu dezakegu, Morgaola auzorantz. Landa eta konifero landaketa artean goaz, pista nagusitik, albo batera eta bestera jaiotzen diren pistei kasurik egin gabe, harik eta PR-BI 50arekin bat egiten dugun arte. Bi PRak batera joango dira 250 bat metroz, hurrengo bidegurutzeraino. PR-BI 50ak eskumarantz jarraitzen du, baina guk aurrera egin behar dugu, Morgaola auzorantz. Urkiolaerreka zeharkatzen lagunduko digu harrizko zubi eder batek, auzunearen sarreran. Etxe eta armarri bitxiei so, berehala gurutzatuko dugu Morgaola. 

Auzo bidea Errege Bideraino heltzen da. Bide historikoari jarraitu besterik ez dugu urira bueltatzeko. Baina lehenik San Antonio auzoa zeharkatuko dugu, izen bereko ermitaren zaintzapean agertzen dena. Bertan biltzen ei ziren San Antonio egunean Urkiolara erromerian joaten ziren auzotarrak. Ibilaldiak Errege Bideari jarraituz uri zaharberrituan sartuko gaitu.

 

Elexabarri ermita aurkituko dugu lehenik, Urigoiena kaleko muga-gurutzetik gertu. Urira sartu eta historia handiko etxe artean Andikona plazara helduko gara. Hau izan zen Euskal Herrian bonbardatu zuten lehen tokia, 1936. urtean. Andikonan antzina Otxandioko beste latsagietako bat egon zen, garai hartan bertatik pasatzen zen errekastoaren erriberan. Artekale zeharkatzea besterik ez dugu Plaza Nagusira heltzeko, ibilaldiaren amaierara.

OTXANDIO (BIZKAIA)

6,4 KM

2 ordu

67 m

ZAILTASUN BAXUA

Ibilbide labur gehiago

Esperientziak

Ibilbideak

Bisita gidatuak

bottom of page